Atarrabiako frontoiko armarria mintzagai izan da azkenaldian. Atarrabian bezala, Euskal Herriko frontoi ezberdinetan halako armarriak ikustea gauzarik normalena da. Beste behin, eskuineko botere ezberdinetatik idologikoki kutsatu nahi izan dute berezko esanahia duen kontzeptua, baina guk gurea defendatuko dugu.
Euskal Herri osoan zehar, ohikoa da frontoietan armarriak eta heraldika anitza egotea, Euskal Pilotaren jatorrizko lurraldeari erreferentzia egiten diotenak. Adibide esanguratsua eta gertukoa da Iruñeko Tenis Klubeko trinketearen dekorazioa, Euskal Herria osatzen duten lurraldeetako armarriekin batera, “pilota euskal jaio eta mundu mailako bihurtu zen” esaldia duena.
Euskal Herria historian zehar asko erabili izan den terminoa da, XVI. mendean, 1571n hain zuzen ere, Joanes Leizarragak Testamentu Berria euskaratu zuenetik eta termino hori idatzita agertu zenetik: “… bat bedeac daqui heuscal herrian quasi etche batetic berceraere minçatzeco maneran differentiá eta diuersitatea”. Ordutik gaur egun arte, asko eta askotarikoak dira historian zehar Euskal Herriko armarria eta terminoa erabili izan diren adibideak: Diario de Navarra-ko artikuluak, era askotako argitalpenak edota TVE-ko programak.
Aipagarria da, halaber, Euskal Herriko armarria bera erabili izana Iruñean 1920an egin zen euskal ikasketen bigarren kongresua iragartzeko kartelean. Kongresu horretan, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiez gain, garai hartan Espainiako errege zen Alfonso XIII.ak ere parte hartu zuen. Euskaltzaindia, Euskararen Errege Akademia, eremu politikotik erabat at dagoen erakunde akademikoa, kredo eta ideologia ororen gainetik, eta otsailaren 26ko 573/1976 Errege Dekretuak, Euskaltzaindia – Euskararen Errege Akademia aitortzen duenak, hizkuntza babesteko ezarritako helburuetako bati erantzunez, Euskal Herria terminoaren erabilera historikoa zehatz-mehatz aztertu ondoren, ondorio hauek ateratzen ditu:
“…Azaldutako guztiagatik, Errege Akademia honek berretsi egiten du Euskal Herria izenaren jabetza, zuzentasuna eta egokitasuna zazpi probintzia edo lurralde guztietarako, edozein errealitate politiko-administratiboren parekorik edo baliokiderik ez duen izena berau. Aldi berean, ezerk eta inork eten edo desitxuratu ezin duen tradizio sekular bat errespetatzeko beharra gogorarazten du”.
Eta 139. arauan, lehen artikuluan, honela dio: “Erabili Euskal Herria izena Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko”.
Bestalde, euskal pilotaren definiziora jotzen badugu, honako hau aurkituko dugu: “Euskal pilota (euskaraz: pilota) Espainia iparraldeko eta Frantzia hego-mendebaldeko kirol tradizional bat da, sustraiak Euskal Herrian, Nafarroan eta Errioxan dituena”. Zentzu kulturalean aipatzen diren Euskal Herriko lurraldeez ari da, noski.
Hori guztia kontuan hartuta, Atarrabiako Udalak 2012an erabaki zuen, Atarrabia pilotalekuaren birpintaketa bat aprobetxatuz, frontoia dekoratzea euskararen lurraldeko kultur sinboloa erabiliz, eta, ondorioz, euskal pilotarena, Euskal Herriko armarria dekorazio gisa margotuz. Hamar urte geroago, UPNko militante batek, ezjakintasuna eta sektarismo nabarmena erakutsiz, pintaketa horren aurkako helegitea aurkeztea erabaki zuen. Jakina, botere judiziala ez zen atzean geratu, eta Atarrabiako udalaren aurkako epaia eman du, hura kentzera behartuz.
Beste behin ere, inboluzio demokratikoaren adibide argi baten aurrean gaude. Zoritxarrez, ez da kasu bakarra, ezta lehena ere. Ikurrinarekin gauza bera gertatu zen; herriak modu libre eta demokratikoan erabaki zuena, 26 urte geroago, politikoki eta judizialki jazarria izan zen, gure erakunde eta espazio publikoetatik desagerrarazi arte, edozein ekitalditan bere erakustaldia sistematikoki salatuz.
Orain, Euskal Herriaren, armarriaren eta terminoaren beraren txanda da; nahiz eta hau historikoki eta arauz termino neutroa izan, inolako errealitate politiko-administratibori erreferentziarik egiten ez diona. Baina euskaldunari buruzko aipamen oro ezabatzen saiatzen direnak, gainerako euskal lurraldeekin partekatutako sustrai propio baten existentzia ukatzen saiatzen direnak; gure herriari uko egiten diotenak, oker dabiltza. Euren eraso bakoitzarekin, garena eta izan garena aldarrikatzeko gogoa elikatu besterik ez dute egiten, herri bezala irudikatzen gaituzten sinboloak are gehiago balioan jarriz.
¡Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak!
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.