Hogeita hamar urte… Atarrabiari Txistuka

Suziria lehertu bezain pronto, Maritxuk Atarrabiako Txistularien doinuekin dantzari ekin zion lehen aldiz 1994ko jaietan. Burlatako Txistulariekin dantzatu ohi zuen ordura arte, eta haiek izan ziren bertako txistulari gazte horiek bultzatu zituztenak herriko txistulari talde bat osatzera.

Atarrabiako Txistulariak

Geroztik, hainbat hitzordu ditu taldeak Atarrabiarrekin. Dantzari eguna, Atarrabiako Eguna edota Olentzero dira horien adibide. Mikelats dantza taldearekin aritzen dira dantzak jotzen, Atarrabia abesbatzaren ahotsak laguntzen, jaietako arratsaldeak dantzagarriekin girotzen edo erraldoien jira-birak txistuaz areagotzen. Baina zalantzarik gabe, hitzordurik esanguratsuena jaietako azken egunekoa da, eguerdian, plaza jendez lepo dagoelarik.

Txistularien alardea, alegia, datorren urtean hain zuzen ere hogeitabosgarrena ospatuko dutena. Atarrabiarrentzat hain berezia den kontzertu honetan, hainbat musikarirekin oholtza partekatzeko aukera izan dute txistulariek, baita era askotako piezak jotzeko parada ere.

Duela ehun urte baino gehiago sorturiko biribilketetik gaur egungo doinuetara, Ansorenatarren, Gozategiren edo Village Peopleren obretatik igarota.
Txistulariek haien urteurrena ikuskizun berri batekin ospatu zuten, “Ur-hezurra” izenekoa. Bertan, 30 urte hauetan zehar lagun izan dituzten hainbat artista ugariz babesturik egon ziren, Ultzama ibaiertzean kokaturiko 8 eszenatoki ezberdinetan, non Ismael Yagüek eta Igor Martinezek ikuskizun ezberdinetarako sorturiko musika entzungai izan zen.
Egun, taldea zortzi txistularik osatzen dute, eta nahi izanez gero, Atarrabian hiru zulodun txirula hau jotzen edonor beraiekin jotzera animatuko balitz, besoak zabal zabalik hartuko lukete, beste 30 urtez gutxienez gure kilometro karratuan txistu hotsak ozen eta goxo entzun daitezen!

Partekatu albistea

Bazkide Txokoa

Bazkide txokoa

etxera