Ezaguna denez, iragan urtarrilaren 3an, Amerikako Estatu Batuek eraso militar bortitza jo zuten Venezuelaren aurka, herrialdearen funtsezko azpiegiturak suntsituz, ehundik gora hildako utziz eta Nicolas Maduro Presidentea (zein bere emazte Cilia Flores) bahituz.
Dudarik gabe, erasoa jauzi kualitatibo erraldoi bat izan zen, baina ez da Venezuelaren aurkako eraso-estrategia yankiaren abiapuntua izan, herrialdea haien erasopean egon baita azken hamarkada luzean zehar, zigor ekonomiko eta finantzario latzak ezarri dizkiotelarik (Kubak pairatzen dituenen antzekoak). Zigor horiek izan dira, hain zuzen, chavismoaren lorpen sozial erraldoiak kinka larrian jarri dituztenak eta herrialdetik migrazio masiboa eragin dutenak.
Ikuspegi juridikotik, bistan denez, ez dago urtarrilak 3ko erasoa nondik hartu: Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren urraketa larria da, bere 2. artikuluaren arabera Estatuek debeku baitute indarrez eraso egitea edota indarrarekin beste Estatu burujabe bat mehatxatzea. Politikoki, berriz, “estortsio biluziaren” garaian kokatzen gaitu. Honezkero ez dago antzerkirik, ez mozorroaren beharrik ere Inperioaren partetik. Alegia, erasoak ez dira demokrazia edota giza eskubideez mozorrotu behar; petrolioa, petrolioa eta petrolioa, besterik ez. Trumpek berak halaxe baieztatu zuen erasoa justifikatzeko prentsaurrekoan, kazetari “progre” askoren harridurarako.
Orduz geroztik, Venezuelan agertoki atipiko bat zabaldu da: Batetik, ez da eman yankiek betidanik nahi izan duten “erregimen aldaketa”, besteak beste, Etxe Zuriak onartu duelako Maria Corina Machadok ez duela herrialdean babes nahikorik (gogoratu hauteskundeak %70eko babesaz irabazi zituela esan zigutela. A ze gezur puska!).
Bestetik, Venezuelari bere aberastasun nagusia, petrolioa, baldintza neokolonialetan saltzera behartzen ari zaio, negoziazio-estortsio eskema baten pean, non agintari chavistak, pistola buruan dutela, hainbat lege aldaketa egitera behartuak izaten ari diren –Hidrokarburoen Legea tarteko-, enpresa yankiei baldintza onuragarriagoetan tokia egiteko.
Testuinguru zail honetan, bada esan duenik traizio baten aurrean gaudela eta Delcy Rodriguez-ek zuzentzen duen gobernuak yankien aurrean amore eman duela, baina ez da hori nire ustea. Aitzitik, zintzoki uste dut, hainbat akatsekin bada ere, berez oso leninista den zerbait egiten ari dela: egoera konkretuaren analisi konkretua; eta hortik abiatuta, norbere ahulguneen zein kanpo mehatxuen kontzientziatik, aterabide erreal bat planteatzea, unerik zailenean iraultzan aurrera egiteko aukera bizirik mantentzeko. Zer egin behar zuen bestela chavismoaren buruzagitzak, yankien eraso militarrari militarki erantzun Caracas Gaza bezala geratu zedin? Inmolatu?
Leninek argi zioen: “Borrokaldia onartzea, argi eta garbi etsaiarentzat onuragarria denean, kriminala da; iraultza-klaseko agintari politikoak erabat inutilak lirateke ez balute «maniobratzen» edo «adiskidetzea eta konpromisoa» proposatzen jakingo, kontrakoa den borrokari ihes egiteko”.
Beste modu batera esanda: gerri taktikoa behar da kontzesioak noiz egin jakiteko; eta argitasun estrategiakoa iraultzak aurrera egiteko aukera gal ez dezan. Halaxe egin zuten boltxebikeek 1918an, Alemaniarekin Brest-Litovsk-eko bake “umiliagarria” onartu zutenean, Alemaniari lur eremu zabalak eta aberastasun amaiezinak emanez. Horrek eman zien aukera Errusian Gerra Zibila irabazi eta gobernu sobietar berriari eusteko.
Distantziak salbatuz, kasu honetan, antzeko zerbait gertatzen da: Venezuelak ez zuen aukerarik estatubatuarrek airez egindako gerra baten aurrean onik ateratzeko. Ez ditu Iranek dituen misilak, eta Txinak eta Errusiak ez dute Karibeko herrialdea defendatzeko ezkutu militar bat ezartzeko aukera/borondaterik izan. Hori gutxi ez eta, gaur gaurkoz, Latinoamerikan apenas du aliaturik herrialde bolibartarrak (oroitu Brasil izan zela BRICSetik kanpo utzi zituena). Oxala etorkizun hurbilean gauzak aldatzen badira, baina hori da, gustatu ala ez, errealitate gordina; oraingoz.
Horregatik, epe motzean kontzesio batzuk egin beharko dituzte, besteak beste denbora irabazi eta nazioarteko panoramak nola eboluzionatzen duen ikusteko; baina horrek ez du esan nahi chavismoak amore eman duenik edota plan bat ez duenik aurrera egiteko. Zein da plana? Lehenik, herrialdean bakea eta batasun nazionala indartzea, kolpismoa ekiditeko; bigarrenik, petrolio industria berrindartzea (kanpo inbertsioarekin bada ere), diru-iturriak berreskuratu eta herri-xehearen bizi baldintzak hobetzeko; eta hirugarrenik, Maduro eta Cilia lehenbailehen etxera ekartzea, besteak beste, Maduro delako Venezuelak hautatu duen Lehendakaria. Eta bitartean, noski, milioika herritarren antolakuntza komunetan eta kontseilu komunaletan, sozialismoa helburu, azken urte guztietan bezala.
Irakurleak errealitateari zorrotz erreparatzen badio Trump ahobero gezurtiaren hitzak alboratuz, argi ikusiko du eremu horietan guztietan aurrera egiten ari dela honezkero chavismoa: zigor ekonomikoak altxatzen hasi dira, oposizio kolpista zokoratuago dago eta Maduroren defentsa modurik onenean prestatzen ari dira. Goazen bada haien eskutik!
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.