Baigorrin ospatu ohi den Nafarroaren Eguna biziki ezaguna da Atarrabiako herritarren artean. Gerta daiteke, bitxia bada ere, urtean zehar Atarrabiako karriketan elkar ikusi egin ez dutenek, han, Baigorrin, topo egitea eta jaiaz goxatzea, errituala balitz bezala.
Argazkia: Asociación Etxauzia
Urtetan Pirinioen bi aldetako nafartarren topaleku bilakatu da Baigorri, eta nola ez, baita adin guztietako atarrabiar aunitzena ere. Azken bi urteetako ospakizunak bertan behera gelditu direlarik, faltan sumatzen dugu egun seinalatu hura.
Duela bost urte, Baigorrin sorturiko beste egitasmo baten lehenbiziko berria zabaldu zen. Bestelako proiektu herrikoi, askotariko eta parte-hartzaile batzuetan egin den antzera, diru bilketari ekin zioten, “Euskaldun bat euro bat” lelopean. Helburua? Baigorriko Etxauzia gaztelua erostea Nafartarren Etxea eta euskaldunen sarea izan dadin.
Ekimen honen bultzatzailea Etxauzia Nafartarren Etxea Elkartea da. Baigorri eskualdeko eta, haratago joaz, Ipar Euskal Herriko barnealdeko pertsonek osatzen dute Elkartea. Haien artean, kultura eragileak, enpresariak, hautetsiak, elkarteak edota herritarrak.
Denek helburu bera dute, denek egitasmo bera partekatzen dute: garai batean boterearen sinboloa zena herriari eman eta era berean eskualdea susperrarazi.
Ez da batere proiektu hertsia, baizik eta ikuspen zabala eta etorkizunekoa duena.
Ipar Euskal Herriko barnealdeko eskualdearen garapen ekonomiaren erdigunea izan nahi du Etxauziak. Izan ere, interes kolektiboen defentsan arituko da enpresen arteko elkartasuna zein sare-ekonomia eraikiz. Euskara lantokietan bizi dadin lan egingo dute erabilera bultzatuz.
Garapen ekonomikoaren arloan ez ezik, kultura eta ondare immaterialaren erreferentzia-gunea ere izanen da Etxauzia. Baita mundu osoko euskaldunen bizilekua ere. Hortaz, zortzigarren herrialdearen hiriburua izateko sortua da, hots, diasporarekin harremanak estutzeko eta bultzatzeko. Gogoratu behar dugu mendetan zehar Baxenabarreko jende aunitz itsasorako bidea hartu eta Ameriketara joan zela.
Proiektu zabala beraz, baita bateratzailea, ausarta eta beharrezkoa ere.
Etxauzia jauregia Baigorri herriaren goialdean dago, muino batean estrategikoki kokatuta. Baigorriko bizkondearen egoitza izanik, mila urte inguruko iragana du.
Azkeneko ehun eta hirurogeita hamar urteotan gazteluaren jabegoa eskuz esku ibili da, 1832. urtean bizkondeen dinastia amaitu zenetik. Pasa den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan guztiz erreberritua izan zen, eta gaur egun herriarentzat eskuratzeko leihoa zabaldu da.
Aukera ezin hobea da, eta Elkartea irailaren 15erako buru-belarri lanean ari da behar duten 500.000 euro lortzeko. Dagoeneko urrats franko eman dute eta helmuga gero eta hurbilago dago. Zu ere Nafartarren Etxearen partaide izan zaitezke proiektuaren laguntzaile bihurtuz: sartu www.etxauzia.eus web-orrialdean eta egin zure ekarpena.
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.