Atarrabiako herriari eta Etxebeltza elkarteari eskerrak ematen dizkiegu urteetan zehar eman diguzuen babes eta harreragatik. Poz handiz bizi dugu ASKE jaialdia zuen herriko jardun politiko eta kulturalaren parte izatea. Lehen edizioa pasa den urtean ospatu genuen arren, badakigu ez ginela hutsetik abiatu, Hatortxu Rockek eta aurreko belaunaldiek egindako lanari esker iritsi baikara honaino.
Hatortxu Rocken bidez, 1999tik aurrera, milaka lagun elkartu gara auzolanean, presoen eta dispertsioaren ondorioak arintzeko, eta bide horretan lan handia egin zen. Azken edizioarekin agur duina eman zitzaion ibilbide horri, baina guk argi dugu ez dugula etxera joan nahi: lanean jarraitu nahi dugu eta gazte belaunaldiak ere bide honetara batu nahi ditugu. Eta noski, nahiz eta dispertsio politikak atzean utzi ditugun, jakin badakigu behar berriak sortu direla. Horiek asetzeko ere egingo dugu lana, orain artean egin modu berean.
Gaur egungo testuingurua aldatu dela onartzen dugu: dispertsioa atzean utzi dugu eta espetxearen zama arindu da. Horri esker iritsi gara honaino, denon lanari esker. Baina gure galdera da: zein da orain gure erronka?
Gure ustez, nazio askapenaren aldeko borrokarekin jarraitzea eta belaunaldi berriak proiektu politiko horretara gehitzea. Badakigu musika jaialdi batek bakarrik ezin duela hori lortu, baina sinesten dugu kulturak, musikak eta aisialdiak indar eraldatzaile handia dutela.
Horregatik antolatzen dugu ASKE: Euskal Herriaren askapen nazionala aldarrikatzeko eta balio horiek praktikara eramateko tresna gisa. Ez dugu diskurtso hutsean geratu nahi, eguneroko praktikan oinarritutako aldarrikapena baizik.
Jaialdia auzolanaren bidez eraikitzen dugu, urte osoko lanarekin, eta herri mugimenduaren parte garela sentitzen dugu. Horregatik, bere balioak geure egiten ditugu: euskaltzaletasuna, antikapitalismoa, feminismoa… eta gure jarduna etengabe berrikusteko konpromisoa hartzen dugu.
Praktikan ere urratsak eman nahi ditugu, eta horren adibide da Israelekin harremana duten produktuei egindako boikota. Musikaren esparrutik ere ekarpena egin nahi dugu, konprometitutako eszena baten alde eta musikaz gozatzeko eta antolatzeko beste modu batzuk posible direla erakutsiz. Badakigu lan asko dugula eta ez dugula beti dena bikain egingo, baina elkarlanean errazagoa egingo zaigula sinesten dugu.
Azkenik, bihotzez eskertzen dugu urteetan zehar Hatortxu Rocken inguruan egondako guztien babesa, eta orain bide berri honetan ere elkarrekin jarraitzeko deia egiten dugu. Ziur gaude elkarrekin azkarrago iritsiko garela helmugara.
Gora Aske jaialdia, eta gora auzolana!
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.