Entzuten duzu? Joareen hotsa. Badator.
Badator berriz ere Atarrabiako Eguna. Urteroko zita. Udari amaiera eman eta ikasturte berri bati hasiera ematen dion eguna.
Kaleetako mugimendu berezia eta aurpegi ezagunak nonahi. Badirudi egun batzuez denok erritmo berean ari garela. Herri baten arnasa da, belaunaldiz belaunaldi eraikitako ondarea, eta gure kaleak, plazak eta txokoak bizitzaz, kulturaz eta harrotasunez betetzen dituen topagunea. Urtero bezala, irailaren 4an, 5ean eta 6an, Atarrabia euskal kulturaren etxe handi bihurtuko da; ateak zabalik izango dituen etxea, denok elkarrekin ospatzeko. Hori da, neurri handi batean, Atarrabiako Egunak urtez urte egiten digun oparia: gure sustraiekin lotura egin eta elkarrekin gozatzeko aitzakia.
Atarrabiako Eguna herritik eta herriarentzat sortutako ospakizuna da. Kalean aurkitzen dugu bere indarra: dantzarien oinetako hotsak harrizko zoladuran, txistuen doinuak airean, artisauen lanak azokan, abesbatzen ahotsak plazak betetzen, herri kirolarien ahalegina, lagunarteko bazkariaren algarak eta iluntzean dantzaldian bat egiten duten belaunaldi desberdinak. Egun hauetan, gure herriak bere burua erakusten du, bere onena emanez; izan zena gogoratuz eta izango dena eraikiz.
Aurten, gainera, joareen hotsa izango dugu bidelagun.
Joaldunen Festa gure herrira etorriko da, eta harekin batera Euskal Herriko txoko askotatik etorritako lagunak. Joareen hotsa urrutitik entzuten da lehenik; gero gerturatzen hasten da, eta ohartu orduko kale osoa hartzen du. Horregatik, aurtengo Atarrabiako Eguna berezia izango da: Joareen hotsa gure kaleetan barrena hedatuko da, gure bihotzetako taupadek joareen erritmoarekin bat egingo dute. Hots horrek gogoraraziko digu nortzuk garen, nondik gatozen eta zer dugun zaintzeko: gure hizkuntza, gure ohiturak, gure dantzak, gure kantuak eta, batez ere, elkarrekin egoteko dugun gogoa.
Gozamenerako egunak opa dizkizuegu. Izan ere, Atarrabiako Eguna ez da soilik ospatzen den zerbait, Atarrabiako Eguna sentitu egiten da.
Beraz, entzun. Joareen hotsa badator. Eta harekin batera, gure herria.
Gora Atarrabiako Eguna, eta ongietorri Joaldunen Festari!
HELDUENTZAKO MENUA · 30€
Entsalada
Paella
Bildots txuleta
Postrea
Ogia, edariak eta kafea
Aukera beganoa
Entsalada
Barazki paella
Lasagna/Hamburguesa
Postrea
Ogia, edariak eta kafea
HAURRENTZAKO MENUA · 10€
Paella
Nuggets/Hamburguesa
Izozkia
Ogia eta edaria
AUTOGESTIONATUA · 2€
Aulkiak eta mahaiak
Txartelak eskuragarri Basajaun eta Ostatun!
Atarrabiako Eguna, irailaren lehendabiziko asteburuan, Etxe Beltza Elkarteak antolatzen duen euskal jai eguna da, euskal kultura sustatzeko helburuarekin, eta nola ez, herriko kolektibo eta bizilagunen arteko harremanak sustatzeko eta egunaz elkar gozatu ahal izateko.
1983an hasi zen, eta urtez urte, antolatzaile, laguntzaile eta kolektibo kulturalak bultzatuta, joan da osatzen, gaur den hain egun esanguratsua lortu arte. Izan ere, egun horretan, Etxebeltzak eskuz esku lan egiten du euskal kultura bultzatzen duten herriko beste talde, elkarte eta herritarrekin, eta Atarrabiako kolektibo guztiei parte hartzeko parada ematen zaie, adin guztietako jendea bertara hurbil dadin.
Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu ibilbideari ekin zioten persona eta talde guztiei, bai eta denboran zehar ibilbideari eusteko eta aurrera egiteko lan egin dutenei ere. Atarrabiako egunarekin, ikustarazten da, gure herria bizirik jarraitzen duela, euskal kulturaren alde lan egitea gustatzen zaigula, bainan batez ere, euskal kulturaz gozatzea maite dugula!
Amaitzeko, jai honetan parte hartzeko aukerarik izanen ez duten pertsonak gogoratu nahi ditugu, eta zuri, ongi pasatzea eta momentu ederrak bizitzea opa dizugu!
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.