MILA ESKER, ATARRABIA! Hatortxu Rock

Hatortxu Rock jaialdiak agur esaten du 26 urteren ondoren, dispertsioaren aurkako elkartasunaren ikur gisa. Helburu finala oraindik ez bada ere lortu, asko aurreratu da lan kolektiboari esker. Agur hau ez da amaiera bat, baizik eta etorkizunean elkarrekin eraikiko ditugun bide berrien hasiera.

Hatortxuko murala

Goizeko zortziak dira eta peto laranjadunok erreleboa egin dugu karpa sarreran. Beste urte batez hilerri arteko eremua elkartasun festa erraldoia bihurtu dugu, eta orain, azken gaupaseroa etxera bidaltzea lortu dugunean, garbi utzi dugu berriz ere graba pista. Ezer gertatu izan ez balitz bezala (edo ia-ia). Tresneria utzi eta Etxebeltzarantz abiatu gara, ordu luzez imajinatu eta desiratu ditugun txitxi-bolekin indarrak berreskuratzera. Luzea baita oraindik gelditzen den jornada.

Goxo hartu du 15 urte luzez Hatortxu Atarrabiako herriak. Goxo hartu gaituzue Etxebeltzako lagunek. Duela 26 urte sortu zen Hatortxu Rock, elkartasun eta maitasun doinuekin Iruñerria astintzeko. Balio horiek ordezkatzen dituzue ekimenaren atzean egon zareten laguntzaile guztiek ere bai. Ez duzue urte batean bera ere huts egin. Ez diguzue sekula huts egin.

Uztaila honetan agur esango du Hatortxuk. Gure helburu finala lortu ez dugula jakitun, noski. Baina tontorretik gertu. Dispertsio politikaren zama arintzea izan dugu helburu; preso, iheslari eta deportatu politikoen eta haien ingurukoen eguneroko malkartsua apur bat leundu asmoz. Denon lanari esker ezagutzen ari gara dispertsioaren amaiera, eta denon lanari esker lortuko dugu gure lagun, senide eta bizilagunak etxean izatea. Den-denak.

Garai eta testuinguru berriak, ordea, Hatortxuren etorkizunaz hausnartzera eraman gaitu. Eta etorkizuna izan da, hain justu, agur esatera bultzatu gaituena. Ziklo politiko berriak galdera eta behar berriak jarri dizkigu mahai gainean. Tresna eta formula berriak behar ditugula sinetsita, 26 urteko ibilbidea amaitzea erabaki dugu. Ate itxi batek mila leiho zabalduko dituela sinetsita. Lakuntzan esango du agur Hatortxuk, baina et! Gutako inor ez doa etxera denak etxean bertan izan arte.

Urte luzez bidelagun izan zaituztegu Etxebeltzako lagunak. Milaka aldiz eman beharko genizkizueke eskerrak eta, ziur aski, motz geldituko ginateke berdinberdin. 30 edizio beteko dituen jaialdi honek ezer gutxi lortuko zukeen auzolanik gabe. Eskuz esku lan eginez, herritik egin eta eraginez, gauza erraldoiak egin ditzakeen komunitatea da gurea.

Geroz eta indibidualistagoa, geroz eta berekoiagoa den mundu honetan, elkarrekin eraikitzeko indarraren lekuko izan gara. Eta izango gara. Sinistuta baikaude despedida batekin ez dela ezer amaitzen. Asmatzeko ditugun biharko bideetan elkarrekin egingo dugulako aurrera. Mila esker, Atarrabia. Eta mila esker, Etxebeltza!

Partekatu albistea

Bazkide Txokoa

Bazkide txokoa

etxera