Hogeita hamar urte… Begiradak batzen

30 urte dira Atarrabiako kale eta plazak dantzan jartzen ditugula; 30 urte gazte talde batek euskal kulturaren oinarrietako bat den folklorea herriari eskeintzea erabaki zuenetik. Ordutik, 6 urteurren bizi izan ditugu, bakoitza aurrekoa bezain berezia.

Mikelats Dantza Taldea

Urteurrenak ospatzea oso momentu garrantzitsua da Mikelatseko dantzariontzat. Ikuskizun bat zerotik prestatzea zer den sentitu eta betiko gogoratuko dugun zerbait sortzearekin amets egiten dugu. Musikariak prestatu eta jendeak bere eserlekua bilatzen duen bitartean bizitako sentipenak, ilusioa eta zirrara ez dira inoiz ahazten. Txaloen berotasunarekin bat gozatzeko prest gaude.

Emozioz beteriko prestakuntza izan da aurtengoa. Hasierako euforia sentsazioa gora eta behera egon da hilabeteetan zehar, frustrazioa eta urduritasunarekin nahastuz. Hala ere, bagenekien esfortzu guztiek iragarritako emaitzak ekarriko zizkigutela.

Euskal dantzaren ikuspuntu ezberdinak islatu nahi genituen, begirada ezberdinak. Izan ere, zenbaitek jai-herrikoietako ohitura bat bezala ulertzen dituzte soilik. Beste batzuek ordea tradizio tinkoari eusten diote eta jantzi edo koreografien aldaketekin muturtu egiten dira. Badira ere euskal dantzen nondik-norakoak eguneratzeko beharra plazaratzen dituzten dantzariak.

Baina bitan hausnartuta, ikuspuntu guzti horiek bateragarriak direla da guretzat egia bakarra. Bakoitzaren lehenespenek ez baitute axola dantzarekin gozatzerako orduan. Eta hala transmititu nahi izan genuen aurten apirilean antzeztutako BEGIRADAK ikuskizunaren bitartez.

Gure arbasoek zihoten bezala, dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko, eta Atarrabia oso bizirik sentitzen dugu guk.

Partekatu albistea

Bazkide Txokoa

Bazkide txokoa

etxera