Etxebizitza klase borrokari lotutako arazo estrukturala da. LABek asanblada bat bultzatu du borroka sindikala eremu honetan ere antolatzeko eta oinarrizko eskubide gisa defendatzeko: “Etxebizitzaren eremuan ere ekintza sindikala antolatzea erabaki dugu, zalantzarik gabea baita enpleguaren eta etxebizitzaren arteko harremana. Patronalak gure soldata lapurtzen du hipotekak eta alokairu neurrigabeen bidez.”
Etxebizitzaren problematika ez da berria. Klase borrokan historikoki presente egon den afera da. Ukaezina da diru sarrerak eta beraz enplegua eta etxebizitzaren arteko harremana. Gure lan baldintzak hobetzeko borroka egiten dugunean, bizi baldintzak hobetzeko borroka egiten dugu eta azken honetan, leku nabarmena du etxebizitzak. Langileon soldataren gero eta zati handiagoa doa etxebizitza ordaintzera. Kapitalak eremu guztietan antolatu du bere ofentsiba. Guk, sindikalismotik aurre egin eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu sozial eta politikoa borrokatu nahi dugu.
Horregatik, etxebizitza gatazka eremu bihurtu dutelako, bertan antolatu behar dugula diogu. Sindikalismoak beraz lantokietako ateak gainditu eta gatazka soziala dagoen eremuetan antolatzeko asmotik heldu diogu etxebizitzaren eremuan ekintza sindikala egiteko asmoari. Horrela jaio da LABen baitako etxebizitza asanbladaren egitasmoa. Borroka espazio bat ireki nahi izan dugu: etxebizitzaren problematika politizatu eta borrokatzeko, baita gatazka zehatzetan ekintza sindikala egiteko. Hamabost egunetan behin egin ohi ditugu bilkurak. Parte hartu nahi baduzu [email protected] helbidera mezu bat igorri ezazu
Esan bezala, sindikalismotik antolatu eta ekintza sindikalaren bidez gure komunitateari borrokarako tresnak eskaini nahi dizkiogu, geroz eta jende gehiago modu eraginkorragoan antolatuta egon dadin. Izan ere, banakako arazo gisa bizi dugun etxebizitzarena, gatazka kolektiboaren eremura eraman behar baitugu arazoari konponbide bat eman nahi badiogu. Paradigma berri baterantz abiatu beharrean gaude. Etxebizitzaren negozioa eten eta oinarrizko giza eskubidea bermatzea lortu behar dugu.
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.