Laugarren Euskaraldian, Atarrabiak ariketa kolektiboa egin zuen euskararen erabilera bultzatzeko 11 egunez. ‘Ahobizi’ eta ‘Belarriprest’ rolen bidez, hizkuntza-ohituren aldaketa eta gizarte-parte hartzea sustatu ziren
Euskaraldiaren laugarren edizioa izan genuen maiatzean. Edizio bakoitzean bezala, euskararen erabileran aurrera urrats sendoa eman dugu. Baina, zer da Euskaraldia? Ariketa erreal praktikoa da, eraginkorra dena eta benetako islada duena hizkuntza portaeretan. Aurrera urrats eta kontzientzia hartze kolektibo bat da. Mugimendua eragiten duena jendartean eta kolektibotasuna elikatzen duena.
Elkarrekin gauzatzen dugu Euskaraldia, euskaldunon arteko konplizitateak sortuz eta pertenentzia sentimendua indartuz. Aurten, udaberrian gauzatu dugu Euskaraldia, Atarrabia berotuz eta argituz. Oraingoan ere, gure bi rol kuttunak mantendu ditugu: Ahobizi eta Belarriprest. Rolak errotuak dauden arren, oraindik ere bakoitza ongi definitzea komeni da.
Ahobizien erronka lehenbiziko hitza euskaraz egitea eta euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea da, baita elkarrizketa elebidunetan euskarari eustea ere. Belarriprestek aldiro erabakiko dute noiz eta norekin euskaraz egin. Agian, ez dute beti euskaraz egingo, baina besteei eskatuko die euskaraz egin diezaioten. Biak dira exijenteak eta ausartak. Beraz, rolak jarrerarekin lotuak daude eta ez euskara mailarekin.
Euskaraldiak marko orokor bat jartzen du eta tokian toki proposamen malguak eskaintzen ditu. Atarrabian, Baionan edo Usurbilen ezberdinak izango dira lanketak, baina hari batekin lotuak daude bata besteari. Atarrabiako hainbat herritar lehenengo ediziotik ibili dira lan eta lan Euskaraldia herrian errotzen eta bultzatzen. Karrikaluze eta inguruko komunitatea izan da motore bide honetan, eta edizio bakoitzean pertsona, eragile eta elkarte ezberdinak hurbildu dira. Atarrabian modu goxo eta hurbilean sortzen dira elkarguneak euskaldunen artean. Hilabete hauetan hamaika egitasmo antolatu ditu Atarrabiako Euskaraldia Batzordeak.
Otsailean hasi zen mugimendua, aurkezpen jendetsua eta herritarrak gogoz berriz lanean hasteko. Talde anitza sortu zen, bakoitzak bere ertzetik ekarpena eginez. Euskantaldian eguraldi kaxkarra egin zuen, baina hala ere, kantuz eta euskaraz bete zen herriko plaza. Ondoren herriko hamaikakoa sortu eta bakoitzaren erronka ezagutzeko aukera egon zen; Igor, Pedri, Goizargi, Amagoia, Jose Manuel, Karmele, Ruben, Alejandra eta Luzia. Bulegoren bideoklipa antzeztuz, Atarrabiako taupadak euskaraz izan dira. Euskaraldia hasi eta ilusioz jantzi zuten txapa. Lehenengo egunean, Jon Maiarekin batera hasi zen ariketa eta, hurrengoan, Euskaraldiko txupinazo ofiziala, konfeti eta guzti. Kantusaldaren kontzertua, DJ Muri, edaria eta merendua. Zertarako gehiago? Batzuetan euskara erdigunean jartzeko modurik eraginkorrena gozamena da. Hori da Atarrabiako batzordearen lan egiteko modua, ilusioz eta gozamenez.
Prozesu honetan, Alejandraren erronka eta borondatea azpimarratzekoa da. Alejandra venezolarra da eta Atarrabia liburu-dendaren jabea da. Atarrabiara iritsi bezain laster, herriko inguruko errealitate linguistikoaz jabetu zen eta ikastea erabaki zuen. Aitzakiarik gabe eta beldurrik gabe. Denbora gutxian, ulertzea ez ezik, hitz egitea ere lortu du, ingurukoekin euskaraz komunikatzeko aukera emanez. Borondatearekin dena da posible.
11 egunetan ez da erraza hizkuntza-ohiturak errotik aldatzea. Hala ere, Euskaraldia prozesu horretan abiapuntu garrantzitsua da. 11 egun horietan ariketa eginez kontzientzia pizte bat ematen da; parte-hartzaileek euren hizkuntza-portaerei buruz hausnartzen dute, eta askotan konturatzen dira euskaraz egiteko uste baino aukera gehiago dituztela. Hizkuntza-ohituren eraldaketan esperiementatzeko aukera eman du, Euskaraldia entrenamendu moduko bat da. Gainera, euskara gehiago erabiltzeko beldur edo lotsa dutenek laguntza eta babesa sentitzen dute. Hori baita Euskaraldiko gakoetako bat, epaiketarik gabe aritzea!
Euskaraldia amaitu da, baina gure hizkuntza ohiturak aldatzeko nahia ez. Beraz, nahiz eta txapa soinean ez eraman, jarrai dezagun lehen hitza euskaraz egiten eta euskarari eusten. Atarrabia euskaratik eraikitzen jarraituko dugu!
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.