Aski da nahi izatea!

Nahi izatea ahal izatea da! Adinak ez duenean oholtzara igotzea eragozten, emakume jubilatu talde batek ‘jubilatuak bai, baina geldirik ez’ antzerki abenturan murgiltzen dira Maku Gutierrezen eskutik. Aurten, abenduaren 12an, berriro irekiko da oihala Love is in the air lanarekin. Maku Gutierrezekin antzerki taldeari buruz hitz egin dugu.

Atarrabiako Antzerki Taldea

Nola hasi zinen proiektu honekin?
Haur Hezkuntza irakaslea naiz, hortaz, normalean ez daukat harreman handirik helduekin; hala ere, haiekin zer edo zer egitea nuen buruan. Antzerkia ikustera joaten naiz maiz eta, igandero, emakume berberak ikusten nituen, esertzen nintzen aurreko ilaran eserita beti; eta horrek, nolabait, harritzen ninduen. Kultur koordinatzailearekin hitz eginda, emakume horietako baten kontaktua eman zidan.

Eta lehendabiziko pausoak?
Bilera bat egin genuen emakume haiekin eta antzezlan bat egitea proposatu nien. Hasiera batean ez zutela nahi esan zidaten, ez zeudela prest, ez zutela balio... Nik ez nuen amore eman, gutxinaka emakumeak limurtzen saiatu nintzen, beldur horiek guztiak arintzen saiatzen, ahalduntzen. Gai bat proposatu nien eta haiengandik ere idatziak eta ideiak jaso nituen.

Guztiak emakumeak eta jubilatuak, ezta?
Bai, bai, gainera irizpide bakarra hori zen, guztiak emakumeak eta jubilatuak izatea. Nik antzerkiaren bueltan zerbait egin nahi nuen, gure gurasoek, tamalez, gaztetan kulturgintzarako aukerarik izan ez zutelako. Nik zerbait oso argi nuen: emakume horiekin antzezlan bat egin behar nuela eta gizarte gaiak presentzia izan behar zuela.

Azpiegiturari dagokionez, laguntzaren bat jaso al duzue?
Ez, ez, dena guk lortu behar dugu, autogestioaren bidez. Gainera “de traka maraka” izan da, behar izan dugu guztia lortu dugu; adibidez, teléfono zahar bat behar genuen eta emakume haietako batek “nik badut”. Altzariak lortu ditugu, jantziak taldeko bik egin dituzte, lan pila egin dute.

Eta haien arteko harremanak?
Nahiko estuak izan dira; haien artean giroa polita sortu da; baita antzerkigintzatik kanpo ere, adibidez, kalean bestelakoak egiteko elkartzen dira. Antzerkia egitean, batzuetan, urduriak azaleratzen dira oso lotsatiak baitira, nahiz eta eszenatokian ez iruditu; eta une horietan elkar zaintzen dute, oso polita da.

Eta ikusleen erantzuna?
Oso pozik gaude. “Inanias?” antzezlanaren estreinaldian sarrerak agortu ziren, beste bi emanaldi egin genituen eta horietan ere agortu ziren. Atarrabiatik kanpo ere egin genituen, Civivoxen eta Añorben, eta oso pozik erantzunarekin. “Love is in the air” antzezlanarekin oraingoz egindako bi emanalditan sarrerak agortu dira eta abenduaren 12an beste emanaldi bat izanen dugu Atarrabian bertan, herriko jendeak hala eskatu duelako.

“Inanias?”, “Love is in the air” eta gero, zer…?
Bada, beste antzezlan bat daukat jada buruan; ezin dut ezer aurreratu, sorpresa da (kar,kar). “Inanias?” nahiko erraza izan zen teknikari dagokionez, “Love is in the air” antzezlanean lehenengoan baino teknika gehiago erabili genituen. Hurrengoa, segur aski, konplexuagoa izango da; dena den, ildo beretik jarraituko dugu, gizarte kritika egiten.

Partekatu albistea

Bazkide Txokoa

Bazkide txokoa

etxera