Duela 45 urte sortu zen Atarrabian euskarazko eskola publikoa. Ordutik hazten joan da, oztopoak gaindituz, eta gaur egun 0 eta 16 urte bitarteko hezkuntza publikoa eta euskalduna bermatzen du.
1980-81 ikasturteko matrikulazioan, Atarrabiako guraso askok beren semealabak euskaraz ikas zitzaten eskatu zuten, Paz de Ziganda ikastolak ez baitzituen eskaera guztiak onartzen. Horri erantzunez, Atarrabiako Udalak arazoa bere gain hartu eta irtenbidea eman zion. 1980ko irailean, euskarazko eskola publikoaren aldeko aldarria bizia zen. Atarrabian, 22 haurrek, gurasoek eta irakasleek osatutako taldeak euskal eskola publikoaren bideari ekin zion, orduko udalaren laguntzarekin.
Hurrengo urteetan, ikastola handituz joan zen, eta 83-84 ikasturterako, euskararekiko erantzukizuna hartua zuten udalek (Atarrabia eta Uharte) eta berria hartu zuenak (Burlata) Hiruerri izena izango zuen ikastolen Mankomunitateari hasiera eman zioten. 1987-88 ikasturtearen amaieran, Hiruerri ikastolaren proiektua zalantzan jarri zuten hainbat udalek eta Nafar Gobernuak. Azkenean, Nafar Gobernuak Atarrabiako Lorenzo Goikoa Ikastetxearekin bat egiteko agindua eman zuen, ordu arteko ibilbidea eta nortasuna hautsiz. Hala ere, D ereduak indarra hartu zuenean, Nafar Gobernuak bat egindakoa bereizteko agindua eman zuen, “kopla berri” batekin etorriz.
2002-03 ikasturtearen hasieran, Lorenzo Goikoa ikastetxe partekatua desagertu zen, eta bi ikastetxe sortu ziren: Atargi eta Lorenzo Goicoa. Bakoitzak bere hezkuntza proiektua garatuko zuen aurrera. Gaur egun, Atargi kalitatezko hezkuntza eleanitzean oinarritutako eta euskalduna den Eskualdeko Ikastetxe Publikoa da, 300 ikasle baino gehiago biltzen dituena. D eredua soilik eskaintzen duen zentro hau urtez urte hazi da, bai tamainan bai kalitatean.
45 urte igaro dira ordutik, eta bidean topatutako traba eta oztopo gehienak gainditu dira. Gaur egun, Atarrabian, hezkuntza publikoa eta euskalduna 0 urtetatik 16 urtetara bermatua dago. Udazken hartatik gaurdaino emandako aurrerapausoak handiak izan dira, eta hauek ezinezkoak lirateke hezkuntza proiektu honen alde apustu egin duzuen guztion laguntzarik gabe.
45 urteko ibilbide honetan emandako aurrerapausoak agerikoak dira. Urte askotako borrokek Atarrabian kalitatezko hezkuntza sistema publiko eta euskalduna ahalbidetu dute, gure herrian belaunaldi berriak euskalduntzeaz gain, gure hizkuntza eta herria aberastuz. Atarrabiako belaunaldi berriek euskal kultura, nortasuna eta hizkuntza eskura ditzaten bide gogorra bezain polita garatu du Atarrabiako herriak. Garai bateko haurrek, gaurko eta etorkizuneko guraso, irakasle eta begiraleek protagonistak izan behar dugu, baina ezinbestean, Nafarroako administrazioak eta Atarrabiako Udalak eskaintzen dituzten zerbitzu eta bitarteko ezberdinen bidez Atarrabiarren euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea bermatu behar dute.
45 urte hauetan, milaka ikasle igaro dira Atarrabiako Euskal Irakaskuntza Publikotik. Hau nahikoa ez izateaz gain, gero eta gehiago izatea espero dugu. Zorionak guztioi! Aurrera euskal eskola publikoa! Pausoz-pauso, euskaraz bizi!
Esperientziarik onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia horien onarpenak aukera emango digu zenbait datu prozesatzeko, hala nola nabigazio-portaera edo gune honetako identifikazio bakarrak. Baimena ez onartzeak edo ukatzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.