Kaleetako mugimendu berezia eta aurpegi ezagunak nonahi. Badirudi egun batzuez denok erritmo berean ari garela. Herri baten arnasa da, belaunaldiz belaunaldi eraikitako ondarea, eta gure kaleak, plazak eta txokoak bizitzaz, kulturaz eta harrotasunez betetzen dituen topagunea. Urtero bezala, irailaren 4an, 5ean eta 6an, Atarrabia euskal kulturaren etxe handi bihurtuko da; ateak zabalik izango dituen etxea, denok elkarrekin ospatzeko. Hori da, neurri handi batean, Atarrabiako Egunak urtez urte egiten digun oparia: gure sustraiekin lotura egin eta elkarrekin gozatzeko aitzakia.
Atarrabiako Eguna herritik eta herriarentzat sortutako ospakizuna da. Kalean aurkitzen dugu bere indarra: dantzarien oinetako hotsak harrizko zoladuran, txistuen doinuak airean, artisauen lanak azokan, abesbatzen ahotsak plazak betetzen, herri kirolarien ahalegina, lagunarteko bazkariaren algarak eta iluntzean dantzaldian bat egiten duten belaunaldi desberdinak. Egun hauetan, gure herriak bere burua erakusten du, bere onena emanez; izan zena gogoratuz eta izango dena eraikiz.
Aurten, gainera, joareen hotsa izango dugu bidelagun.
Joaldunen Festa gure herrira etorriko da, eta harekin batera Euskal Herriko txoko askotatik etorritako lagunak. Joareen hotsa urrutitik entzuten da lehenik; gero gerturatzen hasten da, eta ohartu orduko kale osoa hartzen du. Horregatik, aurtengo Atarrabiako Eguna berezia izango da: Joareen hotsa gure kaleetan barrena hedatuko da, gure bihotzetako taupadek joareen erritmoarekin bat egingo dute. Hots horrek gogoraraziko digu nortzuk garen, nondik gatozen eta zer dugun zaintzeko: gure hizkuntza, gure ohiturak, gure dantzak, gure kantuak eta, batez ere, elkarrekin egoteko dugun gogoa.
Gozamenerako egunak opa dizkizuegu. Izan ere, Atarrabiako Eguna ez da soilik ospatzen den zerbait, Atarrabiako Eguna sentitu egiten da.
Beraz, entzun. Joareen hotsa badator. Eta harekin batera, gure herria.
Gora Atarrabiako Eguna, eta ongietorri Joaldunen Festari!